XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AUZIAREN AITZINEKO AUZIA

Badakigu akusatuek frantsesa badakitela, eta frantsesa da Errepublikaren mintzaira bakarra.

Zer zaigu guri, hartaz gainera, zenbaitek bitxikeriaz bigarren mailako mintzaira perreka bat erabili nahi badute?

Balia dezatela, nahi badute, beren arteko egitekokerietan, baina ez betozkigu Jainkoak daki nongo mintzamoldea marmarikatuz beharrien tutatzera!

Frantses estatuan frantsesak du lehentasuna.

Eta hala izan behar du.

Akusatuak haurrean frantses eskoletan ibili dira, eta mintzaira hori arras berena dute.

Ez da arrazoinik beraz euskara erabilia izan dadin auzitegi honetan, eta gorteko presidentak itzultzailerik izenda dezan.

Horra, eleen izpiritua atxekiz, zer aditu ahal izan dugun, joan den astelehenean zortzi, Pariseko Asisetako Gorte berezian Estatuaren boza entzunarazten zuen abokat jeneralaganik, euskaldun akusatuek, auzia egiazki hastekoa zelarik oraino, euskaraz mintzatzea galdegin ondoan.

Uste genuen holako solasen garaia joana zela, hola pentsatzen zutenak bederen ixilduak zirela; irri egingarri edo basa bezain jakingabeak ager beldurrez, berentzat gordetzen zituztela gisa horretako ateraldiak.

Ez. Hor ditugu beti.

Eta burgoiki mintzo.

Hizkuntzei buruz duten ikusmolde hertsi, totalitarioa, errepublikaren izaiteari berari lotzen dute honen izenean gero giza eskubideez eta justiziaz ele ederren egiteko.

Alta lehenago Yolanda Molina defentsako abokata, luze eta xehe, ari izana zen Frantziako auzitegietan euskara bezalako mintzairei errespetua eta beraz agerbide publikoa ere zor zitzaiela adiarazten.

Agerian utzi zuen, hori nahi zutela nazio-arteko hitzarmen anitzek, bai eta, gaztigu justiziako prozeduretan oroz gainetik, presunari doazkion eskubide naturalek ere.

Gisa guziez deusek ere ez zuela holakorik debekatzen frantses legeetan beretan.

Funtsean, bakan gertaturik ere, zenbait auzitegik jadanik onartu zutela printzipio hori.

Halaber erakutsi zuen ez zuela kanorerik espainol hiritartasuna zuten akusatuek Frantziako auzitegietan euskaraz mintzatzeko eskubidea bazutelatik, frantses hiritartasuna zutenei ukatzea, ...

Alferrikakoak izan dira horiek oro, ordean.

Gortea erretiratu da, eta oren laurden baten buruan berritz jin bere erabakiaren emaiteko: arras abokat jeneralaren erranen araberakoa.

Akusatuek frantsesa zakitenaz geroz, ez zen itzultzailerik izendatu beharrik: euskarak ez zuen lekurik han.

Gogoan har bedi ez dela deliberamendu hori, ezinbertzean, edo estakuru zerbaitengatik, edo jakin gabean, uste gabetarik bezala, hartua izan.

Ez. Aldeko guziak mintzatu ahal izan ez badira ere, bat bederen hara hartako preseski joanik ez baitzuten hitzaren hartzera utzi orduan, halere iritzi mota guziak entzun dituzte, kontrakoenak, baina aldekoenak ere.

Beraz, jakinaren gainean eta printzipiozko arrazoinengatik deliberatu du Gorteak, euskara debekatu behar zela auzi horretan.

Alde guzietarik ezin onetsizko erabakia, solas ahalge egingarriak entzun ondoan hartua: euskararentzat, euskaldunentzat, egiazko laido eta afruntua.

Enetzat segurik, lehen egunean berean, horren ondotik, auzia hasi gabe bururatua bezala zen.

B.O.